Joanesena

Ramonena

2009/05/29


Naturaguneak gune babestu izendatzea, txikitzeko modurik eraginkorrena?


Naturazaleon artean aspaldiko asuntzioa da naturaguneak legez babestea, Euskal Herrian behintzat, azken errekurtsoa izan behar duela. Hainbat hobea dela, tamalez, hango balio naturalak isilpean gordetzea eta intentsitate txikiko erabilerak onartzea (artzantza, basoen ustiaketa, ehiza, ur-kaptazioak...) harik eta makroproiekturen batek benetan mehatxatzen duen arte. Orduan aztoratzen gara eta orduan hasten gara babes eske.

Eta hori guztia, zer dela eta?

Gure kudeatzaile publikoek 'babes' hitzari esleitzen dioten esanahiak beldurtzen gaitu. Hori da gakoa, eta hori da kausa. Hainbat urte badira interes naturaleko guneen katalogoa egin zela. Urdaibai babesteko lege bat (!) egin zuten berariaz(*). Natura babesteko legea, galzorian dauden espezieen katalogoa, ehiza- eta arrantza-lege modelikoak, LIC, IBA eta HBBGak han-hemenka deklaratu... baina egoera gero eta itzulezinagoa hainbat eta hainbat tokitan. Askoz ere eragin handiagoa izan du paper-industriaren krisiak eta Europako arauak aplikatzeak, ekimen endogenoak baino. Eta, bai, arau apartak ditugu, baina giza-osasunarekin edo ekonomiarekin zerikusi zuzenik ez duten arauak betearazteko gogorik ez dago. Naturaren kontserbazioa da horren paradigma.

Hala ere, babesten dira noizetik behin halako eta halako gune interesgarriak. Zer emaitzarekin? Ikus ditzagun Gipuzkoako kasu batzuk.

Zer irudi emango luke parke natural batean espezie exotikoz betetako zoologiko bat egiteak eta hura bertako faunaren erasoez babesteko tranpak ipintzeak? Zer irudi emango luke bertara urtean behin espezie inbaditzaileak eramango balira propio? Bada, horixe egiten du gure Foru Aldundi maiteak Pagoetan. Mendi-ingeniariek foru-erakundean duten pisuaren ondorioak ari gara ordaintzen oraindik. Arboretum izen dotorea daraman parke botaniko bat dago, non ia espezie eta barietate guztiak arrotzak edota gizakiak sortutakoak baitira. Eta zuhaitz exotiko horietara orkatzak sartzen direnez, LAZOAK, bai, ALANBREZKO LAZOAK ipintzen dituzte. Gainera, urtean behin landare exotikoen feria egiten dute bertan. Ez omen dute balio horretarako Fraisorok edo Zabalegik, parke natural batean egin behar da. Milaka lagun parke natural batean sektore ekonomiko baten feria-erromeria egiteko.

Aizkorri. Parke naturala hori ere... kostata! Urteetan atxiki zuen geldirik aldundiak izendapena bertan 'behar' ziren pista kilometro guztiak egiteko denbora emateko. Horren erantzule politikoa: Jon Mikel Murua, egurgintza besterik zaindu ez duen diputatua. Dorronsoro izeneko ingeniari bat bada Aldundian, Gipuzkoan haritzak atarramentu ekologikorik ez duela dioena, Gipuzkoa ez dela lurralde egokia harentzat. Atera kontuak...

Ulia. LIC izendatua duela zenbait urte. Berdin dio: Club Vasco de Campingek mendi-ibilbideak atontzen ditu kaio-kolonien erditik, Aldundiari bost axola. Orain, berriz, Odonek Monpas txikitu nahi du. Egingo al dugu apustu zer (ez) duten erantzungo gure erakundeek?

Oriaren itsasadarra. Hau ere LIC. Berdin dio: Aldundiak Orioko saihesbidea egiteko padura inbaditu eta landaretza txikitu; Orioko Udala Motondo urbanizatu nahian, beti bezala.

Inurritza. Babestu eta lehen 'kontserbazio'-proiektuak obrak eta obrak aurreikusi zituen: bide berriak, lur-mugimenduak bideen malda aldatzeko... baina betelan antropogenoak handik kentzeko, xentimorik ez.

Santixo, Zumaian. Interes bereziko guneen katalogoan aspalditik, bost axola izan zion horrek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari (artean EAren eskuetan) dena txikitzeko baimena emateko orduan. Hori bai, labarretako harriek, nonbait, galtzeko arrisku handiago dute ekosistema biziek baino.

Zumaiatik alde egin gabe, nahiko izan da Algorri biotopo babestu izendatzea haren inguruan marka komertziala sortzeko (erosi 'flysch' kamisetak! Baina ojo, Zumaiakoak bakarrik dira genuinoak!). Babes legala eman eta lehen ekitaldia, mendi-lasterketa multitudinarioa: 400 korrikalari beren zapatilekin, zale, lagun eta familiarekin, megafonia, ibilgailuak, publizitatea... Hori bai: kirola egitea oso osasungarria da... haientzat. Ez noski naturarentzat. Jakina, ez dago Gipuzkoan non egin horrelako lasterketa bat ez bada gune babestu batean. Beste erremediorik ez dute izan, gaixoak. Hauei kargurik hartu ez, eta, gainera, baimen guztiak emango dizkiela adierazi du Aldundiak. Ego benedicto te, in nomine Patris et Filii et Spiritus Sancti. AMEN


Tarrat

(*) Urdaibai babesteko legea premia handiz egin zuten, UNESCOK mehatxu egin baitzuen Gizateriaren Ondarearen zerrendatik ezabatuko zuela. Lotsagarri ez gelditzearren babestu zuten Urdaibai, ez beste ezerengatik.

1 comentario:

Rafa Saiz Elizondo dijo...

Addendum: Pagoetako kudeaketa berriz ere

Aldundiak, iaz hasita, Pagoetan orkatz-ehiza egiteko 12 baimen eman ditu. Aurten udazkenera arte luzatuko dira, ekainaren 5, 6 eta 7an hasita. Noiz eta Pagoetan inoizko jendetzarik handiena elkartzen den egunean, besteak beste: Pagoeta Egunean.

2008an, denera, 284 orkatz harrapatu ziren Gipuzkoan (ehiza-federazioaren datuak, Aldundiak ez ditu argitaratzen). Baina bada ehiza-mota bat, zelatatze-jazartzea, non halako ale bat aukeratzen baita, normalean adar ederreko ar bat, eta hari jarraitzen baitzaio azkenean prezisio-rifle batez hiltzeko. Esan beharra dago ehiztariek arrik ikusgarrienak hil nahi izaten dituztela, haien adarrak 'trofeo' ona izateko puntuen bila. Beraz, kontrako hautaketa egiten da metodo honen bidez.

Horrelakorik ez zegoen egiterik Gipuzkoan, segurtasuna dela eta: irismen handiko armak eta munizioa erabiltzen denez, galdutako balak (balak baitira) oso urrutira iristen dira. Lurrera apuntatuta egiten bada tiro, ez dago arazorik, baina Gipuzkoako erliebea dela eta, aran baten beste alderaino aise irits daitezke hala egin ezean, abiadura handiz eta hiltzeko gaitasuna atxikita. Horregatik ez da baimenik eman Gipuzkoan modalitate horretan jarduteko.

Ehiztarien presioaren ondorioz, ordea, azkenean amore eman zuen Aldundiak eta Pagoetan baino ez du baimenik eman. Non eta Aldundia bera bisitariak propio erakartzen saiatzen den gunean. Noiz eta erromeria jendetsu bat egiten den egunean. Noiz eta asteburuetan.

Non eta helburua natura babestea duen Parke Natural batean. Non eta kontserbazio-ekintza positiboak egin behar lituzkeen gunean.

Quousque tandem, Catilina, abutere patientiam nostram...?