Joanesena

Ramonena

2012/03/03

Rafa Saiz Elizondo (@Tarratian) ha compartido un tweet contigo


Published with Blogger-droid v2.0.4

2009/06/08


Zertarako ote dago eskumen-banaketa Jaurlaritzan eta?

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak ume-egiteko ikastaroak eskaintzen ditu Lakuan. Kirol Sailak zerga-inprimakiak betetzen erakutsiko dizu ikastaro guay batean, eta Ertzaintzako kideak sukaldaritza ikastaroak eskainiko dizkiete eskola-umeei. Gainera, kale-garbitzaileak ikastoletara joango dira gure umeei depresioaren eta anorexiaren inguruko hitzaldiak botatzeko. Garraio Sailak, berriz, Aralarko putreei buruzko ikerketatxo bat abiarazi du, bere eskumen ezagunen ildotik eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak Mugarik Gabeko Filatelikoei 500.000 euroko dirulaguntza esleitu die. Azkenik, EAEko hiru Foru Ogasunek sexu seguruari buruzko esku-orri bat argitaratu dute, fabriketan banatzeko asmoz.

Sinesten? Bai, zaila da, zinez, halako astakeria-sorta sinestea. Baina ez pentsatu ezinezkoa denik; Eusko Jaurlaritzan dena da posible. Eta ez pentsatu Etxebizitza Sailak musikari bati dirutza ematea salbuespena denik, ke ba! Erreparatu bestela Madariaga Dorretxeak, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroak, zer jardunaldi antolatu dituen:

Surfari aplikatutako

meteorologiari eta ozeanografiari buruzko

jardunaldiak

Ikastaro guaya jarduera eta publiko guay batentzat. Kearen marketing hutsa, gizateria bezain zaharra.

Desagertzeko bidean ote daude surferoak? Hiltzen direnean disekatzen hasiko dira? Surfa bera dago, akaso, galzorian? Eginkizunez aldatu du Madariaga Dorretxeak? Zer espezie berezikoak ote dira? Zenbateko aurrekontua du gertakariak? Zenbatekoa da Madariaga Dorretxearen aurrekontua eta zertan gastatu behar du? Zertarako dago kirol saila eta haren aurrekontua?

Ezin lasai bizi ditugun agintariekin…


Tarrat

2009/05/29


Naturaguneak gune babestu izendatzea, txikitzeko modurik eraginkorrena?


Naturazaleon artean aspaldiko asuntzioa da naturaguneak legez babestea, Euskal Herrian behintzat, azken errekurtsoa izan behar duela. Hainbat hobea dela, tamalez, hango balio naturalak isilpean gordetzea eta intentsitate txikiko erabilerak onartzea (artzantza, basoen ustiaketa, ehiza, ur-kaptazioak...) harik eta makroproiekturen batek benetan mehatxatzen duen arte. Orduan aztoratzen gara eta orduan hasten gara babes eske.

Eta hori guztia, zer dela eta?

Gure kudeatzaile publikoek 'babes' hitzari esleitzen dioten esanahiak beldurtzen gaitu. Hori da gakoa, eta hori da kausa. Hainbat urte badira interes naturaleko guneen katalogoa egin zela. Urdaibai babesteko lege bat (!) egin zuten berariaz(*). Natura babesteko legea, galzorian dauden espezieen katalogoa, ehiza- eta arrantza-lege modelikoak, LIC, IBA eta HBBGak han-hemenka deklaratu... baina egoera gero eta itzulezinagoa hainbat eta hainbat tokitan. Askoz ere eragin handiagoa izan du paper-industriaren krisiak eta Europako arauak aplikatzeak, ekimen endogenoak baino. Eta, bai, arau apartak ditugu, baina giza-osasunarekin edo ekonomiarekin zerikusi zuzenik ez duten arauak betearazteko gogorik ez dago. Naturaren kontserbazioa da horren paradigma.

Hala ere, babesten dira noizetik behin halako eta halako gune interesgarriak. Zer emaitzarekin? Ikus ditzagun Gipuzkoako kasu batzuk.

Zer irudi emango luke parke natural batean espezie exotikoz betetako zoologiko bat egiteak eta hura bertako faunaren erasoez babesteko tranpak ipintzeak? Zer irudi emango luke bertara urtean behin espezie inbaditzaileak eramango balira propio? Bada, horixe egiten du gure Foru Aldundi maiteak Pagoetan. Mendi-ingeniariek foru-erakundean duten pisuaren ondorioak ari gara ordaintzen oraindik. Arboretum izen dotorea daraman parke botaniko bat dago, non ia espezie eta barietate guztiak arrotzak edota gizakiak sortutakoak baitira. Eta zuhaitz exotiko horietara orkatzak sartzen direnez, LAZOAK, bai, ALANBREZKO LAZOAK ipintzen dituzte. Gainera, urtean behin landare exotikoen feria egiten dute bertan. Ez omen dute balio horretarako Fraisorok edo Zabalegik, parke natural batean egin behar da. Milaka lagun parke natural batean sektore ekonomiko baten feria-erromeria egiteko.

Aizkorri. Parke naturala hori ere... kostata! Urteetan atxiki zuen geldirik aldundiak izendapena bertan 'behar' ziren pista kilometro guztiak egiteko denbora emateko. Horren erantzule politikoa: Jon Mikel Murua, egurgintza besterik zaindu ez duen diputatua. Dorronsoro izeneko ingeniari bat bada Aldundian, Gipuzkoan haritzak atarramentu ekologikorik ez duela dioena, Gipuzkoa ez dela lurralde egokia harentzat. Atera kontuak...

Ulia. LIC izendatua duela zenbait urte. Berdin dio: Club Vasco de Campingek mendi-ibilbideak atontzen ditu kaio-kolonien erditik, Aldundiari bost axola. Orain, berriz, Odonek Monpas txikitu nahi du. Egingo al dugu apustu zer (ez) duten erantzungo gure erakundeek?

Oriaren itsasadarra. Hau ere LIC. Berdin dio: Aldundiak Orioko saihesbidea egiteko padura inbaditu eta landaretza txikitu; Orioko Udala Motondo urbanizatu nahian, beti bezala.

Inurritza. Babestu eta lehen 'kontserbazio'-proiektuak obrak eta obrak aurreikusi zituen: bide berriak, lur-mugimenduak bideen malda aldatzeko... baina betelan antropogenoak handik kentzeko, xentimorik ez.

Santixo, Zumaian. Interes bereziko guneen katalogoan aspalditik, bost axola izan zion horrek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari (artean EAren eskuetan) dena txikitzeko baimena emateko orduan. Hori bai, labarretako harriek, nonbait, galtzeko arrisku handiago dute ekosistema biziek baino.

Zumaiatik alde egin gabe, nahiko izan da Algorri biotopo babestu izendatzea haren inguruan marka komertziala sortzeko (erosi 'flysch' kamisetak! Baina ojo, Zumaiakoak bakarrik dira genuinoak!). Babes legala eman eta lehen ekitaldia, mendi-lasterketa multitudinarioa: 400 korrikalari beren zapatilekin, zale, lagun eta familiarekin, megafonia, ibilgailuak, publizitatea... Hori bai: kirola egitea oso osasungarria da... haientzat. Ez noski naturarentzat. Jakina, ez dago Gipuzkoan non egin horrelako lasterketa bat ez bada gune babestu batean. Beste erremediorik ez dute izan, gaixoak. Hauei kargurik hartu ez, eta, gainera, baimen guztiak emango dizkiela adierazi du Aldundiak. Ego benedicto te, in nomine Patris et Filii et Spiritus Sancti. AMEN


Tarrat

(*) Urdaibai babesteko legea premia handiz egin zuten, UNESCOK mehatxu egin baitzuen Gizateriaren Ondarearen zerrendatik ezabatuko zuela. Lotsagarri ez gelditzearren babestu zuten Urdaibai, ez beste ezerengatik.